XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inguruko jardunean erabilienak diren hitzak eta egiturak irakatsi beharko litzaizkioke lehenengo eta behin ikasleari.

Horrela egitera, eskolan ikasitakoa berehala baliatu ahalko luke eskolatik kanpo ere.

Baina, ostera, bertako hizkerarekin zerikusirik ez daukan bat irakasten bazaio, Kutsidazu bidea, Ixabel kontakizuneko protagonistari bezala, suahiliera begitanduko zaio autoktonoek darabiltena eta hauek, berriz, amaigabeko eztabaidetan galduko dira euskaltegiko ikaslearen euskalkia Bonaparteren mapan kokatu ezinda.

3. Herri hedabideak

Ez dago zalantzarik ETBko, Euskadi Irratiko, Euskaldunon Egunkariko, Argia aldizkariko hizkuntza euskara batua izan behar duela.

Euskal Herri osoko hedabideak direnez, bidezkoa da Euskal Herri osoko hizkuntza erabiltzea.

Baina bidezkoa da, era berean, esparru murritzagoko hedabideetan esparru horietako entzule, ikusle eta irakurleei gertuagokoa zaien hizkera erabiltzea.

Horixe da, esate baterako, Bizkaia Irratiak, Eibarko Arrate Irratiak eta Eta kitto! aldizkariak egin duten aukera, eta aukera hori egin izatean dago, besteak beste, hedabideok lortu duten arrakasta.

Herri hazietan aipatu berri den Eibar bera, esate baterako bidezkoa da euskalkiarekin batera euskara batua ere erabiltzea, asko direlako halako herrietan euskara batua besterik ez dakitenak.

Baina estandarra erabili arren, lexikoan eta sintaxian bertakoari eman beharko litzaioke erabateko nagusitasuna.

Hedabideen artean, gainera, ahoz eta idatziz dihardutenak bereizi behar dira.

Batez ere ahozko hizkuntza lantzen duten herri irrati eta telebistetan erabili beharko litzateke euskalkia.

Administrazioa

Nahitaezkoa da herritarrekin hartu-emanetan jardun behar duenak herritarren hizkera jakitea.

Hizkuntza nolakoa den, halakoa izango da herritarren eta Administrazioko ordezkarien arteko hartu-emana.

Eta hurbileko hartu-emana nahi bada, hurbilekoa izan beharko da hizkuntza.

Dena dela, administrazio mota asko dira, eta bakoitzean erabili beharreko hizkera motak ere desberdinak izango dira.

EAE osokoa den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (alegia, boletin ofizialean), esate baterako, euskara batua erabiltzea da zentzuzkoa.

Ostera, Nafarroako Malerreka eskualde euskaldunean pediatra lanetan diharduenak bertako euskara erabiltzea litzateke zentzuzkoa.